Obrak eta azpiegiturak

Artziniegako ur biltegi berria abuztuan jarriko da abian

El nuevo depósito de aguas de Artziniega entrará en funcionamiento en el mes de agosto

Jarduketaren xedea da 1980ko hamarkadako biltegi zaharra eraistea, segurtasun arazoak zituelako, eta haren ordez beste bat jartzea

“Foru Aldundia Artziniegan eraikitzen ari den ur biltegia abuztuan jarriko da abian”. Hala iragarri du Josean Galera Ingurumen Saileko foru diputatuak, gaur goizean Joseba Vivanco alkatearekin eta Encina Castresana Aiarako Kuadrillako lehendakariarekin batera obretara egin duen bisitan.

Lanak gauzatzearen azken fasean sartu dira, eta 1.600 metro kuboko edukiera izango duen biltegia eraikiko da, Artziniegako eta inguruko herrietako 1.800 pertsonari zerbitzua emateko. Udalaren lurretan dago, orain arte biltegi zaharra egon den lekuan. Biltegi zaharra obren lehenengo fasean eraitsi zen, eta horri esker, ez dira beste eremu batzuk okupatu eta lurrik lekualdatu behar izan.

Obrak egin bitartean eta lehengo biltegia eraitsi ondoren herritarrak urez hornitzeko, Foru Aldundiak 25 metro kuboko behin-behineko bi biltegi jarri zituen, eta La Encinako biltegia ere baliatu du aldi batez, erregulaziorako.

Biltegi berriak azken belaunaldiko teknologia izango du edateko uraren araztegira ur gordina sartzeko sistemetarako, eta egungoa ordeztuko du, hausteko arriskua baitago eta, 5.000 metro kuboko edukiera izan arren, edukieraren % 30 soilik erabiltzen baita.

Halaber, biltegiaren zabalgunerako sarbidea hobetuko da, eta zuhaitz eta zuhaixkak landatuko dira, baliabide hidrauliko horrek ingurunean sortzen duen ikusizko inpaktua hobetzeko.

“Esku hartze hori beste urrats bat da segurtasuna hobetzeko eta biltegi zaharrak hornidurarik gabe geratzeko zeukan arriskua saihesteko; izan ere, lehengo biltegia eraikitzeko erabilitako teknologiak, urteen joanarekin, ez zuen egonkortasun berme nahikorik eskaintzen”, azaldu du Josean Galerak.

Izan ere, Artziniegako herriguneko edateko uraren lehengo biltegia 1980ko hamarkadan eraiki zen hormigoi postesatua erabiliz, preolad sistemaren bidez. Biltegiaren egoera aztertzeko, egituren patologian aditua den enpresa batek biltegiaren egoera aztertu eta diagnostikoa egin zuen, eta ondorioztatu zuen konpondu edo, bestela, eraitsi egin behar zela. Hori dela eta, segurtasun handiagoa bermatzearren eta errentagarritasun handiagoa lortzearren, foru aldundiak lehengo biltegia eraistea eta beste bat eraikitzea erabaki zuen.

Aurreko urteetan, foru erakundearen eta erakunde kudeatzaileen arteko hainbat lankidetza formularen bidez, teknologia horrekin berarekin eraikitako Arabako gainerako biltegiak ordeztu ziren.

Zehazki, Oionen, Agurainen, Dulantzin eta Gasteizen, eta, beraz, Araban, Guardiako biltegia ordezteko obrak hastea baino ez zen falta.